XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PSNk ez ditu aurrekontuak onartuko Gobernuaren jarrera ez bada aldatzen

Datozen hauteskundeetara ziur aski ez dela aurkeztuko dio Urralburuk

Gabriel Urralburu PSNko buruak atzo adierazi zuenez, Gobernuaren politika ekonomikoak berdin segitzen badu, sozialistek ez dute onartuko aurrekontuen proiektua.

Bestalde, datorren hauteskundeetan ziur aski ez dela aurkeztuko azaldu zuen Urralburuk.

Nafarroako alderdi sozialistak ez du onartuko aurrekontu orokorren proiektua Gobernuaren jokabidea ez bada aldatzen, atzo Gabriel Urralburu PSNko buruak adierazi zuenez.

Berak zioenez, exekutiboak inbertsio publikoen murrizketaren politikari eusten badio eta gastu arruntak kontrolatzea ez badu lortzen sozialisten ezetza jasoko du.

Alli lehendakariaren jokabidea dela eta kezkatuta dago Urralburuk, gizartearen onerako diren irtenbideak bilatu beharrean, arazoen aurrean amore ematen duelako.

Honen adibide funtzionarien hitzarmenaren sinadura da, bere ustez, Nafarroako bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jartzen duelako.

Gai honetan Gobernuaren jokaera azaltzeko Gobernuak funtzionarien soldata jasotzeko arrazoia 14.000 pertsona direlako izango da, beraiek eta beren familien botoak lortu nahi dituelako edo, zioen Urralburuk.

Orain arteko urritasun politikaren aldean jokaera hau populista eta kontraesanezkoa dela gaineratu zuen.

Nafarroarako oso garrantzitsuak diren proiektuak geldiarazteko erabakia hartu badu ere, Gobernuak ez dituela gastu arruntak kontrolatzen aipatu zuen sozialistak.

Azkeneko egunetan ikusi duguna guztiz kontrako bidetik doa, Nafarroak kapital ondasunak metatzea behar duelako, inbertsio publikoak gehituz, eta enpresa edo jendearen inbertsio pribatuak lagunduz.

Oreka hau arrisku larrian jartzen bada, guk, interes orokorra defendatzeko, aurrekontuak gaitzetsi beharko genituzke, azpimarratu zuen Urralburuk.

Sozialistak garbi adierazi zuen bere alderdiak aurrekontuen proiektua ez duela Gobernuarekin negoziatuko, Parlamentuan aurkeztu ondoren kaleratuko dutela bere iritzia.

Datorren Nafarroako hauteskunde autonomikoetan ez dela aurkeztuko adierazi zuen Urralburuk, alderdiak ordezkari bat aurkitzen badu behintzat.

Azkeneko erabakia momentu horretan hartuko duela zioen, ordezko norbait egoteak eragingo duelako hartuko duten erabakia.

Bestalde, azkenaldian Gobernuak talde batzuen presioak direla eta, amore eman duela kritikatu zuen eta garbi utzi nahi izan zuen autobideko trazaketa ofiziala aldatzeko ez dagoela inolako arrazoirik, ez teknikoak, ez politikoak ez ekonomikoak.

Aldaketak izanez gero Lurraldea koordinadora, HB eta ETAri oxigenoa ematea dela azaldu zuen, hau lortu ondoren lanak bere onespenarekin bukatu direla esan dezaketelako.

Suposa dezagun Estatuko agintariren bat erotu egiten dela eta indarkeriarekin bukatzeko ETA erakundearekin negoziatu behar dela esaten duela.

Gipuzkoan nahi dutena esan dezakete.

Niretzat hori ahultasuna da, esan zuen Urralburuk.